2015-10-08

Etxeko tomate saltsa goxoa

Iraila izaten da "pera"  moduko tomate goxoa modu merkean topatzeko fruta dendetan.
Forma luzexka izaten du eta barrua bete-betea. Etxean tomate-saltsa egiteko erabili izan ditu gure amak, eta neuk ere hala egiten dut.
Gorriak eta gogor antzekoak aukeratu behar dira, ez bigunegiak behintzat.
Beste mota bateko tomateak izanez gero ere berdin egin daiteke etxeko tomate-saltsa.



Oso erraza da prozesua.

Behar diren osagaiak:

- "Pera" tomatea (edo beste mota batekoa) 1,5 kg

- Tipula bat

- Oliba olioa 5 goilarakada

- Goilarakada bat azukre

- Goilaratxo bat gatz

Lehenengo tomate guztiak ondo garbitu behar dira uretan. Ondoren, zatitu egingo ditugu, bakoitza 4 edo 5 zatitan. Hurrengo pausoa heltze batean sutan jartzea da, tapatuta.
20 bat minutu beharko ditu tomateak bigundu eta barruan duen ura botatzeko.
Tomatea bigunduta dagoela ikusitakoan, eta heltzean ur asko dagoela konturatutakoan, pasadore batekin ura ontzi batera pasako dugu, eta tomatea beste batera.
Urik gabeko tomate hau birrindu egingo dugu gure amak beti "pasapure" deitu izan dion tresnarekin.
Tomate saltsaren osagai nagusia prest dugu, baina gozatzea falta zaigu.
Heltze batean jarriko dugu olioa sutan, eta bertara botako dugu tipula txikituta.
Tipula bigundu eta tostatuta dagoenean bertara botako dugu tomate purea, eta gatza eta azukrea erantsiko dizkiogu.
10 minutu utziko dugu guztia egozten, eta ondoren batidorarekin guzita birrindu egingo dugu.
Prest dago etxeko tomate-saltsa.

Nahi izanez gero, boteilaratu ere egin daiteke. Hala egin dut nik.


On egin!

iruzkinik ez:

Argitaratu iruzkina

Zure oharrak jasotzeko prest nago...