2015-10-09

Nugget-ak




Etxekoak ez gara kaleko hanburgeserira joan zaleak. Noiz edo noiz egin izan dugu, eta ez gara gustora ateratzen. Askoz gustorago ateratzen gara Donostian dagoen betiko Juantxo tabernako edozein bokata janda.

Hala ere Lasrecetillasdeisa.blogspot.com blogean topatu nuen oilasko nuggetak egiteko errezetak atentzioa eman zidan, alde batetik erraza delako eta bestetik koipe gutxi daramatzatelako.

Probatu nuen errezeta etxean egiten eta izugarri gustatu zitzaien nire etxekoei, eta niri ere bai noski.

Hala ere, bere errezeta birmoldatu egin nuen. Izan ere, berak ogia eta esnea erabiltzen ditu nuggetak egiteko eta nik hori ez dut oso gustokoa.

Hona hemen nik erabiltzen dudan errezeta.

Osagaiak:

- 2 oilasko bularki txikituta
- 1 arraultza
- 2 goilarakada gazta birrindua
- Gatz apur bat
- Artozko zerealak (popcorn arruntak)

Hasteko oilasko haragia nahastu ondo arraultza, gazta eta gatzarekin.

Hurrengo pausoa artozko zerealak birrintzea da. Horretarako konjelazio poltsa batean jarri eta platera batekin zapalduz birrinduko ditugu, baina ez gehiegi xeetu.

Labea piztuko dugu 200ºCtan berotzen jarriaz.

Labeko bandeja bat hartu, eta laberako paper berezia jarriko dugu bertan.

Nahasketa egina dagoenean, plater batean jarri arto-zerealak birrinduta. Bi goilara erabiliz, hartu haragiaren nahasketaren zati bat eta errebozatu zerealekin. Ez du irin edo arraultza gehiagoren beharrik, nahasketa oso buztia baita.

Errebozatutako nugget bakoitza bandejan jartzen joango gara egin ahala, eta bandeja beteta dagoenean labean sartu 180ºCtara 5 minutu alde batera eginez, eta ondoren, buelta eman beste 5minutu.

Ikusiko duzue zein goxoak, xamurrak baina ez legorrak dauden!!

On egin!!

iruzkinik ez:

Argitaratu iruzkina

Zure oharrak jasotzeko prest nago...